EAJk Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako fiskalizazio txostenean atzemandako irregulartasunak udal langileei leporatzen dizkie

Alderdi jeltzalearen Urduñako batzarraren arabera Kontuen Auzitegiak aztertutako arau-hauste eta irregulartasunak akats administratiboen eraginez gertatu dira

Urduñako Bilduren udal taldeak Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Urduñako udaleko eta bere menpeko diren sozietate publikoen kontuen inguruan egindako fiskalizazio txostenaten inguruan bere iritzia adierazi nahi du. Aipatutako txostenak, 2009 urteko kontuak aztertu zituen, eta PNV alderdia buru zuen udalak eginiko hainbat irregulartasun, gabezia eta araudiaren kontrako neurriak utzi ditu agerian.

Auzitegiak garai hartan PNV alderdiak gidaturiko gobernu batzordeak udal kudeaketan egindako hamarnaka irregulartasun atzeman ditu kontratazioari, kontuei, diru-laguntzei eta abarri dagozkienak. Epaitegiak egindako txostena honako helbidean ikus daiteke oso osorik.

Deigarria da PNV alderdiak ebazpena “nahiko egokia” dela argudiatzea; txostenak alderdi honek udal gestioan bultzatutako eredua agerian uzten duenean; arauak bete ez eta administrazioen kontrol eta gardentasun neurriak oztopatzean oinarrituriko eredua alegia; Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zigorrik ezartzen ez badu ere.

Era berean ebazpenean jasotako arau ez betetze zerrenda luzea “administrazio izaerako akatsei” leporatzen diete, udaleko langileei errua botatzeko saioan, garai haietan eurek udal kudeaketaren inguruko erabakimena zutela zuritu nahirik.

PNV-k gidatutako kudeaketa eredua udala eta sozietate publikoak zorpetzean oinarritu izan da, bideragarritasun ekonomikorik gabe eta kredituei aurre egiteko inolako diru-sarrerarik aurreikusi gabe; politika honen ondorioz gure hiriak egoera ekonomiko latza bizi du, datozen hamarkadetan zorpetzearen mailarik gorenena izateak edozein plan edo inbertsio egitea kolokan jartzen duelarik, aurreko udal agintariek abiatutako kudeaketa ereduaren erruagatik.

Bildutik, erantzukizunez jarraituko dugu lanean gure udalerriarentzako irtenbide integrala bermatze aldera, hori baita jokoan dagoena, Urduñaren etorkizuna alegia.